SEX SUA musikala: urtebete

2022ko maiatzaren 14a, larunbata. Donostiako Poltsiko Antzerkiaren jaialdia. Igeldo. Hortxe estreinatu genuen Sex Sua musikala.

Aitortuko dut: ez zen erditze erraza izan. Sorkuntza prozesua ere nahi baino gorabeheratsuagoa izan zen. Zalantza eta beldur ugari nituen: jendearen gustukoa izango al zen gure proposamena? Eta, aldi berean, aurreko hilabeteetan sortu genuen ikuskizuna taularatu eta jendearen aurrean aurkezteko desiatzen nengoen.

Iritsi zen eguna. Arazo teknikoak muntaian. Berotzeko ia denborarik ez. Kontzentratzeko, are gutxiago. Koloretako monoa eta peluka jantzi eta oholtzara egin nuen salto. Publikoaren erreakzioa, uste baino hotzagoa. Sentsazio gazi-gozoarekin itzuli nintzen etxera. Ia denborarik ere ez bizi izandakoa barneratzeko, hurrengo egunean bigarren emanaldia nuelako. Eta hor bai, publikoak gure proposamenarekin konektatu zuela frogatu ahal izan nuen. Sekulako poza eta lasaitua hartu nituen.

Urtebete honetan bere bidea egin du Sex Suak. Bihurgunez betetako bidaia izaten ari da, baina, orokorrean, ederra eta aberasgarria izaten ari da esperientzia. Tartean erabaki garrantzitsuak hartu behar izan ditut. Eta hementxe nago une honetan, azken urte honetako bizipenen bilduma egiten. Pozik eta eskertuta.

Eta bidea egiten jarraitu nahi dut. Dugu. Egitasmo honetan jende askok hartu duelako parte. Proiektu berriak ditugu eskuartean. Ea horiek gauzatzea lortzen dugun! Bien bitartean, emanaldiak eskaintzen jarraitzen dugu. Hurrengo asteak bizi-biziak izango dira, saio ugari antolatu ditugulako ekaina amaiera bitartean. Sex Suaren familia gero eta handiagoa da eta etorkizunean hazten jarraitzea espero dut.

Utzi iruzkina