Sex Sua musikala
Ligatzeko aplikazioak gero eta gehiago erabiltzen ditugu. Komunikatzeko kode berriak sortzen ari gara. Baina osasuntsuak al dira harreman horiek? Gai horri buruzko gogoeta egin nahi dugu Sex Suaren bitartez.
Sinopsia
“Ligatzeko gogoz zabiltza, baina aplikazioekin ez zara ondo moldatzen? Bertako komunikazio kodeak ulertzeko zailtasunak dituzu? Eta app horiek erabiltzen hasi zarenetik zure antsietate mailak gora egin du? Galdera hauen erantzuna baiezkoa bada, ez kezkatu, zuk behar duzuna asmatu dudalako: ligatzeko aplikazioetan ez galtzeko gida, Atik Zra”.
Ikuskizun honek antzerkia, dantza eta musika nahasten ditu. Aktore bakarra du oholtza gainean. Eta berarekin batera ilusio faltsuen bidean barneratuko gara, umorez eta dramaz betetako bidaia egiteko.
Protagonistak
Obra honetako protagonista nagusia Hiruki da. Hirukik ez du genero zehatzik. Ez du horren beharrik. Etiketa guztiak gainditzen ditu. Ikuskizuneko gidaria da. Ligatzeko aplikazioen erabileraren ondorioz gure ohiturak nola aldatzen ari diren azalduko digu hasieran, eta, hortik abiatuta, Hirukik zenbait kontzepturi buruzko azalpenak emango dizkigu: desira, zer da sexya izatea, gure beharrak vs. gure jokaera…
Obraren amaieran, ordea, Imanol agertuko da eta bere esperientzia pertsonalean oinarrituko da ikuskizunaren bukaerako hausnarketa egiteko.
Umorezko musikala
Hasiera batean bakarrizketa izan behar zen, baina, proiektua garatzerakoan, Sex Suak musikala izaten amaitu du. Izan ere, antzerkiarekin batera, dantzak eta musikak pisu handia dute obra honetan. Are gehiago, Andoni Mutiloak eta Eñaut Gaztañagak 6 kantu berri sortu dituzte espreski ikuskizun honetarako.
Umoreak ere garrantzia handia du ikuskizun honetan. Zeinbait unetan ikusleak zirikatuko ditugu (errespetuz). Baina, horrekin batera, une serioagoak ere tartekatzen ditu musikalak, ikusleek beraien bizi ohiturei buruzko hausnarketa egitea bilatzen baitu Sex Suak.
Genero eta aniztasun sexuala
Gogoeta egiteaz gain, gure gizartean errotuta dauden hainbat ohitura eta estereotipo zalantzan jarri nahi ditugu ikuskizun honen bitartez. Eta, bide batez, identitate eta sexu-joera ezberdinen aldeko mezua zabaldu nahi dugu, denok dugulako aske eta libre izateko eta maitatzeko eskubidea eta beharra.
LGBTI+ kolektiboaren aldeko eskubideen aldarrikapena ere bada Sex Sua. Horregatik, Gehitu eta Mugen Gainetik elkarteen Harrotasunaren Antzerkia programaren babesa ere jaso dugu ikuskizun hau martxan jartzeko.
Sex Sua Musikala
Fitxa artistikoa
- IZENBURUA: Sex Sua
- IKUSKIZUN MOTA: Musikala
- GIDOIA ETA ZUZENDARITZA: Andoni Mutiloa
- ARTISTA: Andoni Mutiloa
- AHOLKULARITZA ETA KANPO BEGIRADA: Amancay Gaztañaga
- MUSIKA: Andoni Mutiloa eta Eñaut Gaztañaga
- ARGAZKIAK: Eider Iturriaga
- IRAUPENA: 50 minutu
- FORMATUA: Txiki ertaina. Aretoko ikuskizuna.
- HIZKUNTZA: Euskara
- PUBLIKOA: Nerabeak ( 15 urtetik gora) eta helduak
- ESTREINALDIA: Bertsio laburra: 2022ko maiatzaren 14ean, Donostiako Poltsiko Antzerkiaren jaialdian. Bertsio luzea: 2022ko urriaren 19an, Donostiako LABO XL4 jaialdian.
- EKOIZPENA: Elur Etxea
- BABESLEAK: Gehitu eta Mugen Gainetik, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostia Kultura eta Dantzagunea.