Esnatu Naiz kabareta

Esnatu Naiz antzerkia, dantza eta musika nahasten dituen ikuskizuna da. Besteak beste, gure nortasunarekin bat egin eta aske bizitzeko gonbitea egiten digu.

Ikuskizunaren abiapuntua

Beyoncé izan nahi duen baserritarra

Ideia hori buruan zuela hasi zen Andoni egitasmo honi forma ematen 2018an. Hasiera batean antzerki obra baten gidoia zirudien, baina idazketa prozesuan aurrera egin ahala, dantzak eta musikak pisu handiagoa hartu zuten. Gidoiaren lehen bertsioa 2019ko urtarrilaren 1ean amaitu zuen. Ordurako argi zuen obra idazteaz gain, taularatzeko gogo handia zuela eta horretarako norbaiten laguntza beharko zuela. Eta Amancay Gaztañagak eskaini zion behar zuen babesa egitasmo hori errealitate bihurtzeko.

Taularatzea

Estreinaldia

Proiektua Donostiako Poltsiko Antzerkiko deialdian aukeratua izan ondoren, Esnatu Naiz 2020ko urtarrilaren 29an estreinatu zuten Poltsiko Antzerkiko Jaialdian. Guztira 4 emanaldi eskaini zituzten Donostiako 4 tabernatan (Botanika, El Nido, Scanner eta La Taberna).

Covid 19 birusaren ondorioz udaberrirako lotuta zituzten hitzorduak bertan behera utzi ostean, 2020ko udan emanaldiekin hasi ziren berriz ere. Orduz geroztik Aduna, Altzo, Zestoa eta Donostiako Tabakaleran eskaini dute Esnatu Naiz. Irailaren 30ean, berriz, kabaretaren bertsio luzea estreinatu zuten Hernanin.

Elurren eraldaketa

Sinopsia

Elurrek Londresko The Pink Flamingo klubean egiten du lan. Dantzatzeaz eta kantatzeaz gain, bere showa izatea lortu du eta gauero jende asko joaten da bera ikustera. Harrigarria izan da Elurren eraldaketa. Izan ere, duela 10 urtera arte baserrian bizi zen bere familiarekin. Nola demontre lortu du baserritan euskaldun honek underground mugimenduko modako artista
izatea
Londresen? Zer bizipen izan ditu Elurrek azken 10 urte hauetan? Eta zergatik da Beyoncé guzti honen erruduna?

Nortasuna eta bizimodua

Lantzen dituen gaiak

Ikuskizun honek kontatzen digun istorioa xelebrea izan arren, galdera sakona proposatzen digu: gure nortasuna eta gure bizimodua bat al datoz? Beste modu batean galdetuta: gure nahiek, beharrek eta ametsek zer leku dute gure egunerokoan?

Bere azken 10 urteko bizipenen kontakizuna egitearekin batera, hainbat gai zehatzei buruzko hausnarketa egingo du Elurrek obra honetan: harreman sozialak, generoa, auto-estimua, lotsa eta beldurrak, sexualitatea, sormena, bizipoza… gizartean errotuta dauden hainbat ohitura eta arau zalantzan jartzeaz gain, LGBTI+ komunitatearen eskubideen aldeko apustua egiten du kabaretak.

Esnatu naiz kabareta

Fitxa artistikoa

  • IZENBURUA: Esnatu Naiz
  • IDEIA, GIDOIA ETA ZUZENDARITZA: Andoni Mutiloa
  • AHOLKULARITZA ETA KANPO BEGIRADA: Amancay Gaztañaga
  • ARTISTA: Andoni Mutiloa
  • MUGIMENDU ZUZENDARITZA: Eneko Balerdi
  • EKOIZPENA: Elur Etxea
  • NORI ZUZENDUTA: Ikusle helduak
  • IRAUPENA: Bertsio laburra: 37 minutu / Bertsio luzea: 50 minutu
  • HIZKUNTZA: Euskara
  • ESTREINALDIA: Bertsio laburra: Donostiako Poltsiko Antzerki Jaialdia, 2020ko urtarrilaren 29an / Bertsio luzea: Hernaniko Kultur Etxea, 2020ko irailaren 30ean