Sormen tailerra
Bai kazetari eta irakasle lanetan aritzeak emandako esperientziak eta bai egindako ikastaro eta formakuntzetan bildutako ezagutzak eta bizipenak partekatzeko unea iritsi dela sentitu dut.
Urte hauetan bildutako ezagutzak eta bizipenak partekatzeko unea iritsi dela sentitu dut. Eta Sormen Tailer hau horren ondorioa da, kazetari eta irakasle lanetan aritzeak emandako esperientzian eta egindako ikastaro eta formakuntzetan oinarritu naizelako proiektu hau prestatzerakoan. Proposatzen ditudan ariketa guztiak ikasitakoaren emaitza dira eta niri lagundu didaten moduan, ikasleentzat baliagarriak izango direla espero dut.
Sormen Tailer hau Gipuzkoako Aldundiak martxan jarritako Kultura Eskola programaren katalogoan aurki dezakezue. DBH eta Batxilergoko ikasleekin lantzeko prestatuta dago.
Sormenak berebiziko garrantzia du niretzat. Umea nintzela, argi nuen zer izan nahi nuen handitzerakoan: aktore eta abeslari. Eta asmo horiek bultzatuta, antzerkiko ikastaro batean eman nuen izena 11 urterekin. Garbi Losada izan zen nire lehen irakaslea eta ordutik harreman intermitentea izan dut antzerkiarekin: Lasarteko Kukuka, EHUko antzerki klaseak, Donostia Kulturak antolatutako ikastaroak, Musikomeria, Artedramak Aulestin antolatzen duen Antzerki Laborategia, Zestoako Antzerki Eskola…
Dantzak, berriz, pisu handiagoa izan du nire bizitzan: fandango eta arin-arin txapelketak, Donostiako Eskola dantza taldea, funkyko klaseak, dantza garaikidea, kontakt inprobisazioa. Asko zor diot dantzari, batez ere arlo pertsonalean. Hori bai, duela gutxirarte antzerkia eta dantza zaletasuna izan dira niretzat. Afizioa. Izan ere, kazetaritza eta magisteritza ikasi nituen, eta bi esparru horietan aritu izan naiz lanean batez ere ia 20 urtez. Ofizioa.
2017an, ordea, Euskadi Irratian eszedentzia hartzea erabaki nuen. Atseden luzea. Egia esan, ez neukan argi zertarako. Baina ordutik sormenari merezitako tokia eskaintzen ari naiz nire egunerokoan. Prozesu luze eta aberasgarri horren emaitza Esnatu Naiz kabareta izan da, nire lehen ikuskizuna. Eta hortxe nabil une honetan, emanaldiak eskaintzen inguruko hiri eta herrietan. Gozatzen eta gozarazten.