Ametsa errealitate bihurtu dugu. Nire Fantasia kabareta abian da!
Hilabeteak eman ditugu Elur Etxearen 3. ikuskizunari forma ematen. Uste baino luzeagoa izan da sortze-prozesua. Gorabehera asko izan ditu. Une ederrak eta gogorrak bizi izan ditut. Baina une honetan, estreinatu berritan, emaitzarekin pozik nago eta sentsazio hori gauza handia da.
Hernaniko Biteri kultur etxean izan zen estreinaldia. Etxean. Eskerrak! Asko eskertu nuen familia, lagun eta ezagunen babesa.
Estreinalditik 3 egun igaro dira. Nekea eta biharamun emozionala nabari ditut oraindik. Baina, aldi berean, lasaitu ederra hartu dut. Azken asteetako tentsioa askatzen hasi naizela dirudi.
Eskerrak eman nahi dizkizuet proiektu hau martxan jartzea ahalbidetu didazuen guztiei. Asko zarete:
– Amaia Irazabal eta Amancay Gaztañaga. Nire bi aingeruak. Zuen aholku eta gidaritza ezinbestekoa izan da fantasia hau martxan jartzeko.
– Iñaki Santos. Ze poza, eszenatokia zurekin konpartitzea. Bazen garaia! Milesker nire azken orduko proposamena onartzeagatik.
– Eñaut Gaztañaga. Aurreko urteetan elkarrekin sortutako kantuak Nire Fantasiaren oinarria dira. Horiek gabe, kabaret hau ez litzateke existituko.
– Haizea Docherty. Sekulako lana egin duzu, buruan nituen ideiei forma eman eta fantasiaz betetako jantzi hau sortzerakoan.
Horrez gain, mila milesker proiektu hau sortzea ahalbidetu duzuen erakundeei: Kutxa Fundazioa, Gipuzkoako Aldundia, Donostia Kultura, Dantzagunea, AEG eta Hernaniko udala.
Aurrerantzean, nahi izanez gero, Nire Fantasia zuena ere bada.
Gauzak espero bezala badoaz, 2025ean herriz-herri ibiliko gara emanaldiak eskaintzen. Kontratazioa zabalik dago.
p.d. Argazki hauek Manex Crespok egin ditu. Talentu handiko gaztea izateaz gain, nire hiloba ere bada.