Arte eszenikoak gizartea eraldatzeko tresna paregabea direla uste dugu, eta Elur Etxearen helburuetako bat horixe izan da hasiera-hasieratik: interesa pizten diguten gaiei buruzko hausnarketa sustatzea gure sorkuntzen bitartez. Horren adibide dira Esnatu Naiz kabareta eta Sex Sua musikala.
Berez, publiko helduarentzat sortutako ikuskizunak dira, baina nerabeek gogoeta egiteko aproposak direla jakitun, zeregin horretan hasi ginen 2022an. Eta aurrerantzean ere generoa, sexu aniztasuna, kanon estetikoak, sare sozialen eragina eta giza harremanen inguruan gogoeta egiten jarraituko dugu ikasleekin batera.
Gehitu eta Mugen Gainetik elkarteekin batera sortutako (app)hustua programari esker, Sex Sua musikalaren 8 emanaldi eskainiko ditugu 2024-2025 ikasturtean. DBH4ko eta Batxilergoko Lehen Mailako ikasleei zuzendutako saioak izango dira, Gipuzkoako herri eta hiri ezberdinetan egingo ditugu eta horren adibide, Usurbilen eta Legazpin izan gara dagoeneko.
Horrez gain, aurten ere Gipuzkoako Aldundiaren Kultura Eskola programan ari gara parte hartzen eta, horren harira, 6 emanaldi eskainiko ditugu datozen asteetan Irun, Elgoibar eta Andoainen. Oso eskertuta gaude, ikasleekin batera egiten ditugun emanaldi eta solasaldi hauek garrantzi handia dutelako guretzat.
Ikasleei zuzendutako emanaldi hauei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, elur.eus webguneko hezkuntza atalean aurkituko duzue: