“Nire abestiak kantatzeko gogoa dut. Eszenatoki baten gainean. Publikoaren aurrean.
Kontzertuak ematen hasiko naiz? Non? Nork kontratatuko nau? Eta nor etorriko da ni ikustera? Ez, ez da erraza izango kontzertuak lortzea; baldintza duinetan egitea, are zailagoa, seguruaski. Nekez ordainduko didate lan hori egiteagatik.
Badakit! Kontzertu arrunta eman beharrean, show berri bat sortuko dut! Donostiako Poltsiko Antzerkiko jaialdikoei proposamena egingo diet. Jaialdi hori super garrantzitsua izan da niretzat, aurreko bi ikuskizunak, Esnatu Naiz kabareta eta Sex Sua musikala bertan estreinatu ditudalako. Eta nire esperientzian oinarrituta, monologo zatiak + zuzenean abestutako kantuekin osatutako showa egin dezaket. Bide batez, mota horretako jaialdiek sortzaileentzat duten garrantziari buruz hitz egingo dut bertan. Ea gustatzen zaien nire proposamena.”
Ideia xelebre eta ero horren emaitza, “Gora Poltsiko Antzerkia!” izan zen. Azken urteetako bizipenei buruz hitz egiteaz gain, bizitzako ametsen inguruko gogoeta egin genuen kabaret horretan, eta, bide batez, aurreko ikuskizunetarako sortutako abestiak kantatzeko modua izan nuen (Baaai!). Bi emanaldi eskaini genituen jaialdiaren 2024ko edizioan. Berez, gauza puntuala izan behar zen, baina bi saio horien ondoren argi gelditu zitzaidan, egindako lan horretan oinarrituta ikuskizun berria sortu nahi nuela; eta horretan gabiltza azken hilabete hauetan. Pluralean diot, sorkuntza-prozesuan Amaia Irazabal eta Amancay Gaztañagaren ezinbesteko laguntza izaten ari naizelako.
Eta dagoeneko bi emanaldi ditugu lotuta:
Lehena, urriaren 26an izango da (larunbata), Loraldia Plaza jaialdiaren baitan, Arrigorriagako udaletxean 19:30tan. Kasu horretan, Poltsiko Antzerkiaren formatuan eskainiko dugu (monologo + kontzertua) kabareta. Sarrera doan. Gonbidapenak, internetez eska ditzakezue:
https://www.loraldia.eus/ekitaldiak/nire-fantasia-kabareta/
Nire Fantasia kabaretaren estreinaldia (antzezlana + kontzertua), berriz, Hernanin izango da, abenduaren 19an (osteguna), Biteri kultur etxean 19:30etan; eta emanaldi horretarako sarrerak salgai daude jada interneten, 8 euroren truke. Ongietorri!
https://entradas1.tomaticket.es/eu/events/nire-fantasia-andoni-mutiloa-hernani