Arte eszenikoak gizartea eraldatzeko tresna paregabea direla uste dugu, eta Elur Etxearen helburuetako bat horixe izan da hasiera-hasieratik: interesa pizten diguten gaiei buruzko hausnarketa sustatzea gure sorkuntzen bitartez. Horren adibide dira Esnatu Naiz kabareta eta Sex Sua musikala. Orain, berriz, urrats berria eman dugu zeregin horretan, gure bi ikuskizunak Gipuzkoako Aldundiaren Kultura Eskola programako katalogoaren parte izango direlako aurrerantzean.
Zer esan nahi du horrek? Udazkenetik aurrera DBHko bigarren zikloko ikasleei (15-16 urte) zuzendutako emanaldiak eskaintzen hasiko garela. Programa honi esker, Gipuzkoako eskolek katalogo horretako jarduerak aukeratu eta eska ditzakete irailaren 26a bitartean; eta ondoren, ikasturtean zehar gauzatuko dira tailer eta emanaldi horiek.
Esnatu Naiz kabareta, Kultura Eskola katalogoan
Sex Sua musikala, Kultura Eskola katalogoan
Berez, publiko helduarentzat sortutako ikuskizunak dira Esnatu Naiz kabareta eta Sex Sua musikala, baina nerabeek gogoeta egiteko aproposak direla jakitun, zeregin horretan hasi ginen duela urte eta erdi. Eta aurrerantzean ere generoa, sexu aniztasuna, kanon estetikoak, sare sozialen eragina eta giza harremanen inguruan hausnartzen jarraituko dugu, besteak beste, ikasleekin batera.
Gehitu eta Mugen Gainetik elkarteen (des)eraikiz programari esker, Esnatu Naiz kabaretaren 7 emanaldi eskaini ditugu jada Gipuzkoako beste hainbeste eskoletan. Horrez gain, pasatako udaberrian, Sex Sua musikalaren emanaldi bereziaz gozatzeko aukera izan zuten DBH eta Lanbide Heziketako 120 ikaslek Urnietako Sarobe antzokian. 2023-2024 ikasturtean ere Mugen Gainetik eta Gehiturekin batera elkarlanean jarraitzeko asmoa dugu.