25 emanaldi eskaini ditugu jada Sex Sua musikalarekin. Uau! Harrigarria izateaz gain, oso eskertuta nago bizitzarekin, emandako aukera honengatik. Duela bi urte hasi nintzen nire bigarren sorkuntza lanari forma ematen eta ordutik, gorabeherez betetako bidaia egiten ari naiz, ederra eta gogorra, aldi berean: gidoiaren idazketaren lehen bertsioa La Palman, Amancayrekin batera entseguak Zestoan, Eñauten laguntzarekin sortutako kantuak, Errenteriako Dantzaguneko gelan bakarrik emandako orduak, zalantzak, gidoiari emandako mila bueltak eta bertsio berriak, zalantza gehiago: “jendeari gustatuko al zaio frikada hau? Eta zer pentsatua emango die ikuskizunak ala txorrada bat kontatzen dudala irudituko al zaie?”
Aitortuko dut: 25 emanaldi geroago, zalantzek hortxe jarraitzen dute, baina Sex Suari esker asko ikasten ari naiz eta bi urteko abentura honetan opari asko jaso ditut. Horregatik, bihotz-bihotzez, eskerrik asko! Eskerrik asko gure proiektua babestu duzuen elkarte, eragile eta lagun guztiei. Ideia xelebre eta ero hau errealitate bihurtzea ahalbidetu duzuen sortzaile guztiei. Emanaldietara etorri zareten ikusleei. Zuek gabe hau guztia ezinezkoa litzateke!
2023ko emanaldiak amaitu ditugu jada. Hiruki eta Imanol oporretara doaz. Baina laster itzuliko dira, 2024rako Sex Sua musikalaren data berriak adosten ari baikara.