2023ko urriaren 28a. 8:40AM. Bi ordu daramatzat esnatuta jada. Emanaldi baten ondoren ez dut luze egiten lo. Adrenalina txutearen ondorioa izango da? Ia gaueko ordubatak ziren atzo etxeratu nintzenean. Izan ere, emanaldia 22:00etan hasi zen. Ez ohiko ordutegia.
Alegia. Elizpe zine aretoa. Lehenago ere egona nintzen bertan, duela 3 urte, Esnatu Naiz kabaretarekin. Ezagutzen ditudan espazioetara itzultzea gustuko dut, berriz gonbidatu bagaituzte seinale ona dela uste baitut.
Berez, apirila amaieran eskaini behar genuen Sex Sua musikala Alegian, baina aldez aurreko sarreren salmenta eskasaren ondorioz, emanaldia udazkenera atzeratzea erabaki genuen. Aitortuko dut: kolpe gogorra izan zen nire auto-estimuarentzat. Bajoia eman zidan. Lanbide ero eta eder honekiko ditudan zalantzak areagotu egin zitzaizkidan.
Bai, badakit: publikoa erakartzea ez da erraza. Antzokiak betetzea gero eta zailagoa da. Ikusleen kopuruak behera egin du nabarmen azken aldian. Hori ez diot nik soilik. Datuek diote eta antzerkigile batek baino gehiagok ere bai. Artista ezaguna edo mediatikoa ez bazara, kostako zaizu jendea erakartzea; eta emanaldia euskaraz bada, are zailagoa.
Baina atzoko egoera bestelakoa izan zen. 50 pertsona inguru etorri ziren Sex Sua musikala ikustera. Alegia bezalako herri batentzat, kopuru polita. Aldez aurreko sarreren salmentak ongi funtzionatu zuen oraingoan. Eskerrak! Horrek lasaitasun handia eman zidan. Eta emanaldiarekin asko gozatu nuen! Ia 4 hilabete generamatzan Sex Suaren emanaldirik eskaini gabe eta atzoko saioa oso garrantzitsua izan zen gure egitasmoa berriz ere martxan jartzeko eta, bide batez, udaberriko kolpeak sortutako mina baretzeko. Eskerrik asko Alegiko udalari eta atzoko emanaldira etorri zineten guztioi. Zuen babesa, emanaldian zehar izan zenuten jarrera alaia eta bukaerako txalo zaparrada asko eskertu nituen.
Argazkian, emanaldia hasi baino 2 minutu lehenago eszenatokiaren atzekaldean ateratako argazkia. Horixe izan zen nire atzoko aldagela. Fruta kaxa hutsez osatutako dorrea, bai. Aktoreen aldagelei buruzko gogoeta beste egun batean idatz dezaket.
Gaur, atseden eguna. Bihar emanaldia dugu berriz ere. Elgeta. Espaloia kafe antzokia. Bertan izan ginen duela 3 urte 😉 Emanaldia 18:30etan izango da. Sarrera doan, gonbidapenik gabe. Ongietorri!