Hilabeteak generamatzan gure egitasmoari forma ematen. Ezinezkoa zirudien ametsa errealitate bihurtu nahian. Eta iritsi zen erditzeko unea.
2020ko urtarrilaren 29a, asteazkena. Donostia, Botanika taberna. Donostia Kulturak antolatzen duen Poltsiko Antzerkiaren jaialdia. Taberna, jendez lepo (lagun bat baino gehiago kanpoan gelditu zen, sartu ezinik. Pandemia aurreko garaiak ziren). Eta ikuskizunaren hasierako lehen piano notak entzuterakoan, tabernako iskin batean dagoen gortina zeharkatu eta, jendetzaren artean bidea eginez, eszenatoki gainera igo nintzen. Esnatu Naiz kabaretaren lehen emanaldia izan zen ordukoa. Une ahaztezina, niretzat. Opari erraldoia.
3 urte geroago, neguko igande hotz honetan, atzera begira jarri eta flipatzen jarraitzen dut. Izan ere, estreinaldi horrekin batera, Abentura harrigarri batean murgildu nintzen. Ni neu ere ez nintzen jabetzen horretaz une horretan. Baina hortxe jarraitzen dut, bidaiaz gozatzen. Esnatu Naiz kabaretaren 60 emanaldi baino gehiago eskaini ditugu 3 urtean. Eta bidea egiten jarraitu nahi dugu.
Eskerrik asko Abentura honekin bat egin duzuen lagun guztiei. Zuen babesik eta laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke egitasmo hau martxan jartzea. Esnatu Naiz kabaretaren familia gero eta handiagoa da! Eta handitzen jarraitzea espero dut.
“Oso pozik eta harro nago egindako bidearekin. Asko kostatu zait hona iristea, baina lortu dut. Lortu dut! Eta badakizue zer? Inoiz baino hobeto sentitzen naizela nire azalean. Eta gauza handia da hori. Gauza ederra da hori”.
Elurren hitzak dira horiek. Kabaretaren azken zatian esaten ditu. Eta gaur goizean, bete-betean egiten dut bat hitz horiekin.