Lehen urratsa

2018ko otsailaren 28a. Los Llanos, La Palma. Hilabeteak neramatzan asmo batekin buruan: antzerki obra baten gidoia idaztea. Beyoncé izan nahi duen baserritarra. Horixe zen abiapuntua. Horixe, istorio xelebre honen lehen ideia.

Muturreko egoera bat iritsi behar izan zen lehen urratsa emateko. Idazten hasteko. Negu hartako zatirik handiena Kanarietan eman nuen. Bi hilabete eta erdi. Laneko eszedentzian egotearen alde ederretako bat. Askatasun osoa nahi nuena egiteko. Baina idazten hastea ezinezkoa zitzaidan. Beti nuen zeregin hobea: sumendi batera txangoa, hondartzara joatea irlan nituen lagunekin, liburu bat irakurri… Oinean mina jarri zitzaidan arte. Ibilaldiak alde batera utzi behar izan nituen. Handik egun batzuetara denboralea iritsi zen Kanarietara. Sekulako euri-jasa. Haize bortitza. Ez nekien zer egin. Aspertuta nengoen. Azken egunak nituen irlan. Eta, halako batean, idazten hasi nintzen.

Zergatik Ez? Horixe zen behin-behineko izenburua. Etzakit taldearen “Zergatik Ez” kantuan oinarrituta. Kontatu nahi nuen istorioarekin bat egiten zuen. Showa amaitzeko egokia izan zitekeen. Showa. Bai, ordurako Peio bizirik zegoelako nire buruan. Peio: Beyoncé izan nahi duen baserritarra. Beyoncé izateko asmoz Londresera bizitzera doan euskalduna. Londresko klub batean bere showa izatera iritsiko den euskaldun baserritarra.

Eta apurka-apurka, ideia hori forma hartzen joan zen. Orriz-orri.

Zergatik ez? eraldatu egin zen. Hasiera batean antzerki obra baten gidoia zirudienak kabaret itxura hartu zuen. Ia urtebete behar izan nuen gidoiaren lehen bertsioa amaitzeko. Bitarte horretan hainbat alditan utzi nuen egitasmoa alde batera. Baina azkenean lortu nuen. Nire beldurrak gainditzeko gai izan nintzen. Eta urratsak ematen jarraitu nuen. Pausoz-pauso.

Gaur, 3 urte geroago, atzera begiratu eta … oraindik sinestezina egiten zait. Inoiz ez nuke pentsatuko horren bide luzea egiteko gai izango nintzenik. Baina bidelagun bikainak aurkitu ditut. Behar nuen babesa eta konfidantza eman didate eta eurei esker ametsa errealitate bihurtu da. Mila milesker!!!

Esnatu Naiz. Esnatu gara. Eta bidea egiten jarraitu nahi dugu.

Utzi iruzkina