Eros eta Afroditaren Aitortzak


Gure gizarteko ohitura batzuk eraldatzen doaz apurka-apurka. Sexualitateari dagokionez, gero eta gehiago dira eredu heterosexual monogamotik haratago, harreman fisiko-emozionalak beste modu batera ulertu eta bizitzeko hautua egiten duten pertsonak. Eta komedia musikal honetan aniztasun sexualari buruz luze eta zabal hitz egiten dugu, gaian sakonduz eta taburik gabe. Helburu nagusia: gaur egungo gizarte anitzaren argazkia hobeto ezagutzea eta gure sexualitateari buruzko hausnarketa egitea.

Lantzen dituen gaiak


Sexu-aniztasunari buruz hitz egiten duen antzezlan bat sortu dugu. Gai nagusia: gure sekretuak, beste pertsonekin hain erraz partekatzen ez ditugun kontuak: frustrazio sexualaren ondorioak, gure desirak errealitate bihurtzeko ditugun mugak, ezohiko praktika sexualak, fideltasuna, gizarteko arau moralak, lengoaia erotiko ezberdinen arteko talka, sexua eta maitasuna ezberdintzea, harreman monogamoen bilakaera epe luzean…

Horrez gain, gaur egungo harreman sexualetan aldaketak eragin dituzten gai batzuei buruz ere hausnartu nahi dugu: ligatzeko aplikazioen iraultza, chemsex-a, PrEP-aren erabileraren ondorioak, sexu-transmisiozko infekzioen gorakada… Eta posible al da sakonak eta serioak diren kontu hauei buruz modu dibertigarrian hitz egitea, moralkerian erori gabe? Antzezlan hau sortzerakoan izan dugun erronka nagusietako bat horixe izan da. Horregatik erabaki dugu komedia musikala izatea.

Komedia musikala

Zergatik egin dugu komedia musikalaren aldeko apustua?

  • Berez, serioak eta sakonak diren gaiak umorez lantzea askoz interesgarriagoa dela iruditzen zaigulako.
  • Kokapenak, pertsonaiak eta eszenografia modu errazean eraldatzea ahalbidetzen digulako, ikusleek berehala ulertuko dutelako musikalaren kodigoa.
  • Ikuskizun honen bitartez helarazi nahi dugun hausnarketa modu arin eta dibertigarrian egin nahi dugulako.
  • Originaltasuna: interes sozialeko gaiak lantzen dituzten musikal gutxi egiten direlako euskaraz.

Antzezlaneko soinu-banda espreski musikal honetarako idatzitako 10 kantuz osatuta dago. Pop estiloko abesti haueklaburrak, biziak eta itsaskorrak dira. Andoni arduratu da kantuen hitzak eta melodiak sortzeaz. Zestoako Gaztain estudioan grabatu dituzte, Eñaut Gaztañagaren gidaritzapean. Abesti hauek entzun nahi izanez gero, hementxe duzue aukera.

Sinopsia

Eneritzek eta Josuk ezohiko leku batean egin dute topo. Herri berean bizi dira biak, baina ez dira lagunak. Hizketan hasi dira. Bi protagonistek euren harreman sexualak frustrazioz bizi izan dituzten arren, egoera horri aurre egiteko bide ezberdinak aukeratu dituzte. Topaketa horrek ondorioak izango ditu bien bizitzan.

Protagonistak

ENERITZ: 38 urte ditu. Ezkonduta dago Aitorrekin eta bi seme-alaben ama da. Sexualki frustratuta zegoela konturatu zen urtebete lehenago eta, orduz geroztik, beste pertsona batzuekin harreman sexualak ditu ezkutuan. Ez da damutzen egindakoaz, bere sexualitateari eta gozamenari merezi duen lekua eskaini diolako behingo batez eta ez dago prest horri uko egiteko.

JOSU: 45 urte ditu. Gizon serioa, sentibera eta beldurtia da. Herriko gay ofiziala izan da herritar askorentzat. Horrek asko baldintzatu du bere bizitza, baztertuta sentitu izan delako sarritan. Alerta egoeran bizitzera ohituta dago. Ez du bikotekiderik izan inoiz. Nahi eta ezin dabil, bizitza alaituko dion harreman eder bat norbaitekin bizitzeko desiatzen. Frustrazio handia eragiten dio horrek.

Eros eta Afroditaren Aitortzak Musikala

Fitxa artistikoa

  • IZENBURUA: EROS ETA AFRODITAREN AITORTZAK
  • GENEROA: KOMEDIA MUSIKALA
  • FORMATUA: ERTAINA. ARETOKO ANTZEZLANA
  • AKTOREAK: ESTI CURIEL eta ANDONI MUTILOA
  • GIDOIA, ABESTIAK ETA ZUZENDARITZA: ANDONI MUTILOA
  • ESZENA ZUZENDARIA: MIREN GOJENOLA
  • KOREOGRAFOA: HODEI IRIARTE
  • HIZKUNTZA: EUSKARA
  • IRAUPENA: 60 MINUTU
  • IKUSLEAK: HELDUAK (14 urtetik gora)
  • ARGAZKIAK: EIDER ITURRIAGA
  • SOINU-BANDAREN GRABAKETA: GAZTAIN ESTUDIOAK
  • ESTREINALDIA: ZUMAIA. 2025EKO URRIA
  • EKOIZPENA ETA DISTRIBUZIOA: ELUR ETXEA
  • BABESLEAK: MUGEN GAINETIK ETA EUSKO JAURLARITZA
  • LAGUNTZAILEAK: KUTXA FUNDAZIOA, ZUMAIAKO ETA HERNANIKO UDALAK